Baladi Goiburu, Bacalao Giraldok antolatutako lehiaketaren irabazle

 

Baladi Goiburu 2D3CAko gure ikasleak lehen saria lortu du Bacalao Giraldo enpresak antolatutako lehiaketan. Sei finalistek jokatu zuten atzo finala Basque Culinary Centerren eta irabazleak sari ederra poltsikoratu du: aukeran, 3.000 euro edo Islandiara 4-5 egunetako bidaia bi pertsonarentzat, Michelin izarra duen jatetxe batean afaria barne, Reykjavic-en. Baladik aurten, bizpahiru saritan finalista geratzeaz gain, bi sukaldaritza sari irabazi ditu, Sakata eta Mediterraneamos izenekoak, hain zuzen.

Baladik azaldu dizkigu bere proposamenaren nondik norakoak. “Beste batzuek proposamen modernoagoak aurkeztu zituzten, baina nik tradizioaren aldeko apustua egin eta bakailao ajoarriero pil pilean aurkeztu nuen. Giraldoko produktua, gainera, bikaina da”.

Dagoeneko Baladi prestatzen ari da hurrengo lehiaketa, Mediterraneamos izenekoa. Iaz garaile suertatu zen lehiaketa honetan, baina aurten postreen atalean parte hartuko du. Ondoren, Master Chef junior kanpaldiaren zuzendari gisa arituko da, Burgosen.

Urte bukaeran, Lasarteko Martin Berasategui jatetxean hiru hilabeteko egonaldia egingo du, hori izan baitzen berak irabazitako Espainia eta Portugaleko talentu gazteei zuzendutako ’Semilla’ Lehiaketako lehen saria.

Zein sari aukeratuko duen galdetuta, bidaia edo dirua, dirua erantzun du. “Onlineko master bat egingo dut laster eta matrikula ordaindu beharra dago”, dio. Zorionak!