Ezin izan genuen garaile atera baina esperientzia polita bizi genuen, orain dela bi aste Mallorcan ospatu zen Protur Chef sukaldaritza-eskolen lehiaketa nazionalean, izan ere Gabriela Flores Gil CEBANC-eko ikasleak final handian sartzea lortu zuen baina ezin izan zen lehenengo geratu. Azken frogarako sei sukaldari hoberenak hautatu zituzten, baina ez zen gure ordezkari bakarra izan Protur Chefen. Iñigo Mendiluce Greño eta Joseba Sánchez baita ere final erdietan lehiatu ziren, baina ezin zuten finalera pasa.
Txalotzekoa izan zen gure hiru sukaldarien papera eta lana ez zen makala, eperra zuen plater bat prestatu behar izan zutelako. Ostegunean egin zen final erdietako zozketa eta suak piztu zituzten lehenengoak Joseba eta Gabriela izan ziren eta beste lau sukaldarirekin buruz-buru lehiatu ziren. Ostiral arratsaldean Iñigoren txanda izan zen.
Horrela lehiatu ziren gure sukaldariak:
- Epaileak oso zorrotzak izan ziren Josebarekin
- Gabrielak epaimahaia konbentzitu zuen, bere hitz-jarioarekin platera deskribatzeko garaian. Finalean prestatutako jakiak bakoitzak aukeratu beharrekoak ziren eta Gabrielak berdela zuen plater bat kozinatu zuen
- Iñigo lasai eta ideiak argi zituela ibili zen sukaldean. Jakiak ezin hobeto plateratu zituen hitzartutako denboran. Ez zen finalera iritsi baina txalo zaparrada bat jaso zuen bertakoen partetik, izan ere adin gehieneko lehiakidea izan zen (1969).
Txalotzekoa da gure sukaldarien jarrera eta trebetasuna, ez da erraza 100 froga eta 18 hautatuen artean CEBANC-eko hiru sukaldari egotea. Are gehiago horietatik bat final handira klasifikatzea.
Esperientzia atsegingarri bat izan da gure sukaldarientzat, litekeena da hurrengo urtean berriz ere parte hartzen dugula, sentsazio gazi-gozo hau kentzeko eta garaile ateratzeko helburuarekin.