CEBANCek eta Zaldibiako Udalak Ekonomia zirkularra, sukaldaritza eta bertako produktuak ikastaroa aurkeztu dute Goierriko Udalaren osoko bilkuran. Tailer hau Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako "Etengabeko Ikaskuntza" programaren parte da eta helburu nagusia iraunkortasuna sustatzea eta elikagaiak alferrik ez galtzea da.
Aurkezpenean parte hartu dute Kote Bernal CEBANCko Merkataritza, Komunikazio eta Zerbitzuen zuzendariak, Ioritz Berra Juaristi alkateak eta Iñigo Estanga ikastaroko irakasleak.
Ikastaroak astearte eta ostegunetan egingo dira, maiatzaren 6tik ekainaren 12ra bitartean, 17:00etatik 19:30era. Interesa duten guztiek Zaldibiako Udalaren web orriaren bidez eman ahal izango dute izena.
Kote Bernalen hitzetan, ”ikastaro hau sentsibilizazio-proiektu baten barruan dago, konpetentzia berdeak, sukaldaritza osasungarria eta gure gastronomia sustatzeko helburua du. Beti erabili izan dira tokiko produktuak. Marka handien inbasioarekin eta sukaldaritza azkarrarekin gure esentzia eta nortasuna galdu egiten da”, adierazi du. Bernalek eskerrak eman dizkio bai Zaldibiako Udalari eta bai Gipuzkoako Foru Aldundiari eskainitako laguntza guztiagatik.
Ioritz Berrarak adierazi du, “inguruko azoketan dauden sasoieko produktuak prestatuko dituzte eta onuragarria izango dela uste dugu. Generazio berrietan lotura hori piska bat galduta dago eta uste degu kurtsoak oso garrantzitsuak direla gaszteentat, nahiz eta adin guztietako jendearentzat bideratuta dauden”.
Iñigo Estangak ikastaroaren nondik norakoak azaldu ditu: “Eskerrik asko CEBANC eta Zaldibiko udalari aukera hau emateagatik. Tailerrean bertako produktuekin lan egingo dugu, osasuna eta elkartasuna sustatuz. Gure kulturan errotuta dagoen tradizio hori berreskuratzea da helburu nagusia. Sukaldaritzaren aldetik teknika desberdinak ikasiko ditugu. Gehien bat galtzen ari garen hori errekuperatzea eta era jasangarri eta osasungarri baten elikagai desberdinak prestatzea bilatzen dugu”, adierazi du.